

2 mins to read
Euskal enpresek ekonomia zirkularrarekin hartuta duten konpromisoa indartuko dute Basque Circular EXPOn
Author
admin
Published
2025/03/15
0 comments
Join the Conversation
- Ia ehun enpresak berretsi dute euren parte-hartzea 150 soluzio zirkular eskainiko dituen erakusketan.
- Basque Circular EXPO erreferentziazko ekitaldi gisa finkatzen da enpresentzat, euren ekonomia zirkularraren arloko soluzioak eta nobedadeak erakusteko.
Basque Circular EXPO ekonomia zirkularrera zuzendutako mugarri gisa agertzen da, jasangarritasuna ardatz estrategikotzat hartu duten 90 euskal enpresaren parte-hartzarekin. Euskadin ekoiztutako produktu zirkularren erakusketa honetan, 150 berrikuntza baino gehiago erakutsiko dira; horietatik, % 70 soluzio berriak dira, eta horrek frogatzen du euskal industria egokitzen ari dela erregulazioaren eta merkatuaren betekizun berrietara.
Makineriaren sektoreak -honek Euskadiko industriaren balio erantsi gordinaren % 10 sortzen du- presentzia azpimarragarria izango du erakusketan. Parte hartuko duten enpresek ekodiseinua, efizientzia energetikoa eta ekoizpen-eredu jasangarri berriak integratzen dituzten soluzioak erakutsiko dituzte. Beste alde batetik, elikagaien industriak, beste erronka batzuen artean elikagaien xahuketa eta ontzi jasangarrien ezarpena aurrez aurre dituenez, Elikagaien Galera eta Xahuketa Prebenitzeari buruzko etorkizuneko legea betetzeko funtsezkoak diren ekimenak aurkeztuko ditu.
Basque Circular EXPOn protagonismoa izango duen beste sektore estrategiko bat sektore elektriko-elektronikoa izango da, zeren aurrera egiten ari baita konponketarako eta material kritikoen berrerabilerarako eskubidearen inplementazioan, haien ingurumen-inpaktua murrizteko. Ildo horretatik, Ekodiseinuaren Erregelamendu berriarekin bat datozen berrikuntzak aurkeztuko dituzte, produktuen efizientzia, iraunkortasuna eta birziklagarritasuna hobetzera zuzenduta. Eraikuntzaren arloan, Euskadiko hondakinen % 20 inguru sortzen dituenez, azoka baliagarria izango da eraisketa selektibora, material birziklatuen erabilerara eta agregakinen erauzketaren ingurumen-inpaktua murriztera zuzendutako soluzioak erakusteko.
Basque Circular EXPO ez da berrikuntzaren erakusleihoa soilik izango, baizik eta baita euskal enpresa-ehunaren lehiakortasuna definituko dituzten estrategiei buruzko eztabaida-gune bat ere, kontuan hartuta merkatuak gero eta betekizun zorrotzagoak ezartzen dituela jasangarritasun aldetik. Negozio-eredu zirkularrak integratzeko, materialen trazabilitatea bermatzeko eta ingurumen-gardentasunaren inguruko eskari gero eta handiagoari erantzuteko beharra izango da ekitaldiko saioetako gai nagusietako bat.
Ekonomia zirkularra lehiakortasunerako funtsezko faktorea izanik, euskal enpresak aurrerapauso bat egiten ari dira erreferente gisa kokatzeko, eredu ekonomiko efizienteago eta jasangarriago batean. Basque Circular EXPO konpromiso horren froga izango da, eta Euskadi finkatuko du zirkulartasunerako trantsizioaren lurralde aurrendari gisa.