Fagor Ederlan, Somos Oreka, Gamesa Gearbox eta Fuelium sarituak izan dira, euren soluzio eta produktu zirkularrengatik, Basque Circular Summit 2025ean – Basque Circular Summit
CART

No products in the cart.

4 mins to read

Fagor Ederlan, Somos Oreka, Gamesa Gearbox eta Fuelium sarituak izan dira, euren soluzio eta produktu zirkularrengatik, Basque Circular Summit 2025ean

avatar

Author

Published

2025/04/03

0 comments

Join the Conversation
  • Basque Circular BEST 2025 sariek aitortzen dituzte Euskadiko produktu, zerbitzu, negozio-eredu eta enpresa emergente zirkular onenak
  • Eusko Jaurlaritzako Trantsizio Energetikoko sailburuorde Irantzu Allende eta Ihobeko zuzendari nagusi Alexander Boto izan dira sariak banatzeko arduradunak
  • Guztira lau sari eta hiru akzesit eman dira, 49 euskal enpresak aurkeztutako 65 hautagaitzen artean

Eusko Jaurlaritzako Trantsizio Energetikoko sailburuorde Irantzu Allendek eta Ihobeko zuzendari nagusi Alexander Botok Basque Circular BEST sariak banatu dizkiete gaur goizean Fragor Ederlan, Somos Oreka, Gamesa Gearbox eta Fuelium enpresei, Basque Circular Summit 2025 biltzarraren baitan. Ihobe sozietate publikoak bultzatutako sari hauek aurreneko aldiz aitortzen dituzte Euskadiko produktu, zerbitzu, negozio-eredu eta start up zirkular onenak.

Sariek oso harrera ona izan dute Basque Circular Summit biltzarreko EXPOn dauden enpresa guztien artean; izan ere, bertan erakusten diren 150 produktu eta zerbitzuetatik, 49 enpresak 65 hautagaitza aurkeztu dituzte.

Sariak banatzeko ekitaldian, Allende sailburuordeak azaldu du sarien sorrerak erantzuten diola Eusko Jaurlaritzak aspalditik detektatu duen behar bati. “Ekonomia zirkularraren euskal ekosistemak heldutasuna hartu du, soluzio erreal, ukigarri eta eskalgarriak sortzen ari da,,,,, eta aitortza-espazio propio bat merezi zuen”, adierazi du.

Basque Circular BEST sariek funtsezko aitortza bat dira ekonomia zirkularrerako trantsizioa gidatzen ari diren euskal enpresentzat. Bai enpresa handiak eta bai ETEak saritzean, aitortza horiek nabarmentzen dute berrikuntzak eta jasangarritasunak Euskadiko industria-ehunean duten garrantzia.

“Sari hauek katalizatzaile bat dira enpresa gehiago jardunbide jasangarriak hartzera bultzatzeko, lurraldeko ekonomia eraldatu dezakeen efektu biderkatzaile bat sortuz. Oraingo lorpenak ospatu ez ezik, etorkizunerako inspirazioa ere badira, ekonomia zirkularra salbuespena izatetik arau bihurtzera pasatu dadin”, adierazi du Botok.

Trantsizio Energetikoko sailburuordearekin eta Ihobeko zuzendariarekin batera, sari hauen epaimahaikideak arlo horretako adituak izan dira, hala nola Aitor Cobanera, Spri Taldeko Enpresen Sustapenerako zuzendaria; Xabier Caño, Aclimako presidentea; Carlos García, Mondragoneko Eskola Politeknikoko zuzendaria; María García de la Fuente, Ingurumen Informazioko Kazetaritzen Elkarteko presidentea; Olaia Irulegi, EIDE-Euskal Diseinuaren Elkarteko presidente ohia; Marcelo Leslbay, Deustuko Unibertsitateko Diseinuaren arloko irakasle eta ikertzailea; Rikardo Minguez, Euskal Herriko Unibertsitateko Ekonomia Zirkularreko Masterraren zuzendaria; eta Tamara Yagüe, CONFEBASKeko presidentea.

Aurkeztutako soluzio zirkularrak -65 baino gehiago- baloratzerakoan, epaimahaiak honako irizpide hauek hartu ditu kontuan, besteak beste: zirkulartasun gradua, bideragarritasuna, kapazitatea, eskalagarritasuna, ingurumenari egiten zaion ekarpena, eta eraldaketarako potentziala.

Produktu zirkularrena

Produktu zirkularrenaren kategorian, Basque Circular BEST saria Fagor Ederlanentzat izan da, bere Portamangueteas STA produktuagatik: ibilgailuaren segurtasunerako funtsezkoa den osagai bat, hiru sistema bateratzen dituena: direkzioa, moteltzea eta balaztaketa. Portamanguetas deritzanak nabarmen murrizten du karbono-aztarna, birziklapen estandar handiak aplikatzen direlako; arindutako diseinu bat, isurketak nabarmen murrizten dituena. Epaimahaiak bere aluminiozko diseinu berritzailea hartu du kontuan, eta, halaber, lehengaiaren % 80 sekundarioa dela eta pisua % 51 txikiagoa dela.

Horrez gain, kategoria honetan bi akzesit eman dira: bata Asalfatiari, lehengai sekundarioak txertatzeagatik errepideetarako nahasketa bituminosoetan (bai kautxuzko hondakinak eta bai arku-elektrikoko altzairutegitik datozen agregakin siderurgikoak), eta bestea Kooperari, gizarte-inklusioaren arloan egiten duen lanagatik; izan ere, ehunkien hondakinak berriz aprobetxatzeko soluzioak eskaintzen ditu, birziklatutako hari berriak ekoizteko, eta baita isolamendu termiko eta akustikoko panelak ere, etxebizitzen barneko holtzetarako; panel horiek kotoi- eta poliester-zuntzetatik abiatuta lortzen dira, herritarrek berrerabilerarako edukiontzietara botatzen dituzten ehun-hondakinetatik tratatu ondoren.

Zerbitzu zirkularrena

Zerbitzu zirkularrenerako saria Somos Orekarentzat izan da, elikagaien soberakinak emateko eta berriz aprobetxatzeko zerbitzua emateko plataformagatik (Software as a Service); izan ere, horri esker lortu dute hilean 50 tona elikagai gutxiago xahutzea, soberakinak erakundeen jantoki korporatiboetan, supermerkatuetan eta beste enpresa batzuetan jasoz, soberakin horiek segurtasunez eman ahal izateko. Gainera, aplikazioak ahalbidetzen du aldizka errepikatzen diren dohaintzak programatzea, eta horrela murrizten dira bai eskuratzeko denbora eta bai elikagaien xahuketa.

Horrez gain, epaimahaiak akzesit bat eman dio RECIRCULAR enpresari, hondakin industrialak, soberakinak, materialak eta erabilitako ekipoak balorizatzeko (hau da, bigarren bizitza emateko) plataformagatik, zeren horren helburua baita beste enpresa batzuek birziklatu edo berrerabili ahal izan ditzatela Gainera, plataformak berak kalkulatzen ditu hondakin horien aprobetxamenduak sortzen dituen ingurumen- eta gizarte-onurak.

Negozio-eredurako saria

Negozio-eredu zirkularraren kategorian, saritua Gamesa Gearbox enpresa izan da. Enpresa honek eboluzionatu du produktuen fabrikazio soiletik aerosorgailuetako piezen birmanufakturan oinarritutako negozio-eredu berri batera, bigarren bizitza emanez, biderkagailu eolikoen kasuan bezala, haien bizitza % 125 luzatu baita. Epaimahaiak baloratu osagaien birfabrikazioan oinarritutako negozio-eredu baten enpresa-finkapena.

Start up baten soluzio onena

Fuelium izan da startup zirkularrenaren kategorian saritutako enpresa, bere paperezko bateriengatik: erabilera bakarreko gailu eramangarrietan aplikatzeko ekodiseinatuta daude, in vitro eta zaintza pertsonaleko diagnostikoetan, hala nola haurdunaldi-probak, odol- eta listu-analisiak, besteak beste. Era horretan, soluzio lehiakor bat diseinatu du lehengaien eta fabrikazioaren kostuen aldetik, hondakinen sorrera murriztuz. Bateria material jasangarri ez-toxikoz osatuta dago, eta horrek ahalbidetzen du paperez eta kartoiz birziklatzea, biodegradagarriak eta konpostagarriak izateaz gain.

BEST sarien lehenengo edizioa Basque Circular Summit 2025aren esparruan antolatu da, hau da, Europako hegoaldeko ekonomia zirkularrari buruzko biltzar handienean. Eusko Jaurlaritzako Ihobe – Ingurumen Jarduketarako Sozietate Publikoak antolatuta, apirilaren 2tik 4era bitartean egiten da, eta 1.300 aditu eta 150 hizlari baino gehiago bilduko ditu, europar araudi eta plangintza berriek euskal enpresetan izango dituzten inplikazioak jorratzeko.

Basque Circular Summit 2025 kongresuaren lehen egunean ekonomia zirkularrak Europan dituen etorkizuneko erronkak aztertu dira
Finantza jasangarriak eta ekonomia zirkularrean norbanako gisa daukagun rola hizpide Basque Circular Summit 2025 jardunaldiko bigarren egunean
This is an official World Circular Economy Forum Side Event