

2 mins to read
Basque Circular Summit 2025ek, World Circular Economy Forumaren ekitaldi paraleloak, indartu egin du bere inpaktu globala
Author
admin
Published
2025/02/26
0 comments
Join the Conversation
- World Circular Economy Forumaren partaidea izateak ekonomia zirkularrari buruzko nazioarteko eztabaidaren erdigunean kokatzen du Basque Circular Summit 2025 biltzarra
- Euskadi ekonomia zirkularraren alorreko erreferente gisa kokatzen da, Basque Circular Summit jasangarritasunari eta eraldaketa industrialari buruzko foro global nagusi bihurtzen baitu
Apirilaren 2tik 4ra bitartean Bilbon egingo den Basque Circular Summit 2025 ekitaldi ofizial gisa sartu da World Circular Economy Forumean (WCEF), hots, ekonomia zirkularrari buruzko foro global garrantzitsuenean -foro horren liderra Finlandiako Berrikuntza Funtsa da, Sitra-. WCEFk gobernuetako, enpresetako eta gizarte zibilaren liderrak biltzen ditu urtero, hondakinik gabeko ekonomiara zuzendutako trantsizioa azkartzeko, soluzio berritzaileak sustatuz jasangarritasunaren eta eraldaketa industrialaren arloetan.
WCEFren agendan sartuta egoteak indartu egiten du Basque Circular Summitaren nazioarteko proiekzioa, gai horretan eragin handiena duten ziten artean kokatuz. Aitortza horrek bermatu egiten du Ihoberen eta Eusko Jaurlaritzaren lana, zeren Euskadi lurralde aurrendari bihurtu baitute ekonomia zirkularraren eremuan, politika publiko aurreratuen eta negozio-eredu zirkularren sustapenaren bitartez.
Hiru egunetan, Basque Circular Summit 2025ek aztergai izango ditu ekonomia zirkularraren etorkizuna erregulazioaren, teknologiaren eta enpresaren arloan definituko duten gakoak, WCEFren lehentasunekin bat etorriz. Honako gai hauek eztabaidatuko dira: ekodiseinuari buruzko erregulazio berria; jasangarritasun-txostenei eta europar taxonomiari buruko CSRD Zuzentaraua; adimen artifizialaren rola; CO2aren balorizazioa; eta materialen efizientzian oinarritutako negozio-ereduak.
Biltzar hau WCEFren ekitaldien sarean sartuta egoteak azpimarratu egiten du Euskadik ekonomia zirkular globalean duen garrantzia, eta ezinbesteko zita bihurtzen du Basque Circular Summit 2025. Biltzarrerako hilabete bat soilik falta denean plazen % 60 erreserbatuta egonda, ekitaldiak enpresak, administrazioak eta zentro teknologikoak bilduko ditu, soluzio zirkularrak azkarrago hartzearen alde egiteko.