

3 mins to read
Alexander Boto, Ihobeko zuzendari nagusia: “Eredu ekonomiko zirkularra indartzeak erraztuko die euskal enpresei nazioarteko eremuko aldaketei aurre egitea”
Author
admin
Published
2025/04/04
0 comments
Join the Conversation
- Basque Circular Summit 2025 Europako ekonomia zirkularraren erreferentziazko biltzar gisa finkatu da, 700 enpresa eta 1.300 parte-hartzaile baino gehiago mobilizatuz
- Apirilaren 2tik 4ra bitartean Euskalduna Bilbaon eginda, biltzarrak egiaztatu du ekonomia zirkularra ez dela joera bat soilik, baizik eta euskal enpresen lehiakortasuna eta etorkizun jasangarria bermatzeko behar urgente bat
- Halaber, Ihobeko zuzendari nagusiak azpimarratu du “euskal enpresa-ehuna europar jarraibideekin lerrokatzearen” garrantzia, zeren “zirkulartasunerako trantsizioa atzeraezina baita
Basque Circular Summit 2025 berretsi egin da Europako ekonomia zirkularraren inguruko ekitaldi nagusi gisa. Apirilaren 2tik 4ra bitartean, Euskalduna Bilbaon, sektoreko 700 euskal enpresa mobilizatu ditu eta 1.300 pertsona baino gehiago erakarri ditu. Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen Jarduketarako Sozietate Publikoak antolatuta, biltzarrak 150 hizlari baino gehiago izan ditu, zirkulartasunarekin lotutako arloetakoak; horrez gain, baina, erakusketa handi bat izan du, non ehun euskal enpresa inguruk euren soluzio zirkularrak erakutsi baitituzte; halaber, standen eremu batean, hogei erakunde inguruk aukera izan dute euren ekimen eta proiektuak ezagutzera emateko.
Ihobeko zuzendari nagusi Alexander Boto Bastegietak adierazi duenez, “eredu ekonomiko zirkularra indartzeak erraztuko die euskal enpresei nazioarteko eremuko aldaketei aurre egitea”, are gehiago Donald Trumpen administrazioak iragarritako muga-zergen gerraren ostean. Eusko Jaurlaritzaren lehenengo estimazioen arabera, Euskadik Estatu Batuetara urtean esportatzen dituen 2.000 milioi euroetatik, ukitutako enpresek 400 milioi eurotik gorako gain-kostua jasan lezakete.
Euskal industria-ehuna erronka horren eta beste batzuen aurrean prestatzeko, Basque Circular Summit 2025 saiatu da enpresak aurrea hartu dezatela lortzea, europar plangintza eta araudi berria kontuan hartuta. Draghi txostenaren gomendioek inspiratuta, Europako Batzordeak bere “EBren lehiakortasunerako iparrorratza” plazaratu zuen 2024ko hasieran, hau da, lehiakortasun industriala indartzeko estrategia bat, geroago -aurten- osatu dena Itun Industrial Garbiarekin. Honek zirkulartasuna eta deskarbonizazioa integratzen ditu, sektore industrialaren ingurumen-aztarna murrizteko eta beraren efizientzia, berrikuntza eta autonomia estrategikoa hobetzeko.
“Ekonomia zirkularra ez da gehiago joera bat soilik, baizik eta baita euskal enpresen lehiakortasuna eta etorkizun jasangarria bermatzeko behar urgente bat ere”, baloratu du Botok; horrekin batera, azpimarratu du “ Basque Circular Summiten moduko biltzarrak funtsezkoak direla bide horretatik aurrera egiteko, ezagutza, berrikuntzak eta estrategiak konpartituz”. Halaber, Ihobeko zuzendari nagusiak azpimarratu du “euskal enpresa-ehuna europar jarraibideekin lerrokatzearen” garrantzia, zeren “zirkulartasunerako trantsizioa atzeraezina baita, eta Europak ezin du berak bakarrik baliabideen erabilera ez jasangarria gelditu”. “Euskadik badu borondatea, eta behar bezainbesteko prestakuntza du beharrezkoa den aldaketa horretan laguntzeko”, esan du bukatzeko.

Aurrera egiten jarraitzeko topagune bat
Ia 150 hizlarik modu aktiboan parte hartu dute biltzarraren hiru egun hauetan, eta horietako bat Mónica Chao da. Espainiako jasangarritasun estrategiko, enpresa-eraldaketa eta ESG lidergoaren arloko aditua, Chaok azpimarratu du Europak behar duela lehiakortasuna jasangarritasunaren bidez bultzatzen duen eraldaketa industrial bat, eta -bere esanetan- Euskadik zenbait urte daramatzala norabide horretan. “Deskarbonizazioaren, berrikuntzaren eta ekonomia zirkularraren alde egitea da, Clean Industrial Deal-arekin batera, aukera estrategiko bat gure autonomia industriala indartzeko eta kalitatezko enpleguak sortzeko, aurreikustekoa eta erresilientea den lege-testuinguru batean”, adierazi du.
Beste alde batetik, Janez Potocnikek, Nazio Batuen Ingurumen Programaren Baliabideen Nazioarteko presidentekide eta europar komisario ohiak hauxe azpimarratu du: “Beharrezkoa da gobernuek zeharkako izaera eman diezaiotela ekonomia zirkularrari, fiskalitate berdea eta erosketa publiko ekologikoa bultzatzeko, baina batez ere heziketa eta prestakuntza eskainiz”
Halaber, Basque Circular Summit 2025ek garbi utzi du gizarte eta ekonomia zirkularrerako aurrerapena ez dagoela finantzen mundutik kanpo. Izan ere, finantza jasangarrien esanahia da inbertsioari buruzko erabakiak hartzeko prozesuan ingurumenaren, gizartearen eta gobernu onaren faktoreak hartu behar direla kontuan (ESG, ingelesezko siglen arabera).
Beste alde batetik, biltzarrak aztertu du nola indartu daitekeen kontsumitzaileen rola kontsumo-ereduak aldatzeko, Europak abiatutako tresna berriak jorratuz, hala nola kontsumitzaileen ahalduntzeari buruzko 2024/825 Zuzentaraua, edo ingurumen-alegazioei buruzko etorkizuneko zuzentaraua. “Kontsumitzaileak garen aldetik, geuk ere bagara erantzuleak; izan ere, merkatuan dauden eragileetako bat gara, zirkulartasunaren katearen katebegi bat, geu ahalduntzeko eta ekonomia zirkularraren behin betiko ezartzen laguntzeko ahalmenarekin”, azpimarratu du Brenda Chávezek, jasangarritasunaren arloko ikerketa, datu eta soluzioetan espezializatutako kazetariak, biltzarrean emandako hitzaldian.