Expo – Basque Circular Summit
CART

No products in the cart.

Basque Circular EXPOren helburuak

Euskal enpresek ekonomia zirkularraren arloan azken urteotan egindako aurrerapenaren berri emateko eta Eusko Jaurlaritzak haiek egindako lana eskertzeko, Basque Circular Summit 2025 barruan, aurreko edizioetan bezala, soluzio zirkular erakusketa handi bat egingo da, Basque Circular EXPO 2025 izenekoa.

Konponbide zirkular berriak (produktuak eta/edo zerbitzuak) garatu dituzten euskal enpresa guztiek parte hartu ahal izango dute erakusketan, bai Ihobe sozietatearen laguntzarekin garatutakoak, bai baliabide propioekin garatutakoak, bai beste erakundeen laguntzarekin garatutakoak.

Parte hartzeko baldintzak

Produktuari / zerbitzuari dagokionez

  • Proposatutako konponbidea guztiz garatuta egon behar da eta ekoizpen- edo merkaturatze-fasean egon behar da. Prototipo ez-funtzionalek ez dute balio, ezta merkatura eraman ez diren iraganeko garapenek ere.
  • Aurreko aukerekin edo antzeko aukerekin konparatuz, konponbideak ingurumena nola hobetu duen frogatu behar du erakundeak; ingurumenarenganako eragina nola murriztu den kuantifikatu, bere ebaluazioaren bidez edo (ahal bada) ingurumen-eragina neurtzeko txosten ofizial baten bidez, hala nola Produktuaren Ingurumen Adierazpena (EPD edo PIA), egiaztatutako karbono-aztarna, kanpoko berrikuspen kritikoa duen BZA…*

*OHARRA: Ingurumen-informazio kuantifikaturik ez badago, baina proposatutako konponbidearen diseinuan ingurumen-portaera hobetzen duten neurriak aplikatu direla frogatu ahal bada, Ihobe sozietate publikoak doako zerbitzua eman ahal izango du ingurumenarenganako eragina ebaluatu ahal izateko, eta, hala, baldintza horri erantzun ahal izateko. Horretarako, zerbitzu hori eskuratu nahi duten enpresek proposatutako konponbidearen ingurumen-ebaluazioa egiteko behar den informazioa eman beharko diote Ihoberi.

Enpresari dagokionez

  • Helbide soziala edo gutxienez jarduera-zentro bat EAEn izan behar du.
  • Zerga-betebeharrei eta Gizarte Segurantzari dagokienez, egoera erregularizatuta eduki behar du, indarrean dagoen legeriaren arabera eska daitezkeen mugetan.

Enpresa berak proposamen bat baino gehiago aurkeztu ahal izango du, baina, leku arrazoiengatik eta ahalik eta ordezkaritza handiena ziurtatzeko, erakunde bakoitzak gehienez bi proposamen aurkeztu ahal izango ditu. Enpresa parte-hartzaileen ardura da erakusketa osatuko duten produktuak epe eta modu egokian jasotzea eta Ihoberi ematea, eta baita biltzarraren amaieran haiek jasotzea ere.

“Basque Circular BEST 2025” sariak

Ihobe Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Jarduketarako Sozietate Publikoak, “Basque Circular Summit 2025” barne, “Basque Circular BEST” sarien lehen edizioa iragarri du, enpresek garatutako ekonomia zirkularreko konponbide onenak saritzeko, bai produktuetan, bai zerbitzuetan eta negozio-ereduetan.

Sari horien bidez, Ihobek, batetik, publikoki aitortu nahi du ekimen horiek jasangarritasunaren hobekuntzari egiten dioten ekarpena, eta, bestetik, katalizatzaile gisa jardun nahi du euskal industria-sarean horrelako proiektuak martxan jartzea sustatzeko.

Sari horiek jasotzeko ezinbestekoa izango da proposatutako produktuak, zerbitzuak edo konponbideak Bilboko Euskalduna Jauregian egingo den “Basque Circular EXPO” delakoan fisikoki ikusgai egotea, 2025eko apirilaren 2tik 4ra “Basque Circular Summit 2025” dela eta.

Sariekin batera ez da dirurik emango.

Lau sari emango dira:

  1. Saria produktu zirkularrenari.
  2. Saria zerbitzu zirkularrenari.
  3. Saria negozio-eredu zirkularrenari.
  4. Saria konponbiderik zirkularrena duen startup-ari.

Sariak jasotzeko, “ebaluazio-irizpideak” atalean aipatutako alderdi guztiak modu orekatuan agertu behar dira.

Gainera, epaimahaiak aipamen bereziak eman ahal izango ditu horietako alderdiren baterako.

Ihobek gutxienez 5 kidek eta gehienez 12 kidek osatutako epaimahaia eratuko du. Bertan, jasangarritasunean eta ekonomia zirkularrean adituak diren pertsonek hartuko dute parte, eta epaileak aldez aurretik jakinaraziko dira. Hauek izango dira bere funtzioak:

  • Aurkeztutako kandidaturen kalitateari buruz erabakitzea eta, hala badagokio, haiek aukeratzea.
  • Sariaren atal bakoitzean hautagaien sailkapena erabakitzea.

Epaimahaiak, bere erabakien ondoren, sarien esleipena arrazoitzeko akta egingo du.

Erabakiak epaimahaiko kideen gehiengo osoz hartuko dira beti.

Epaitza apelaezina izango da, eta “Basque Circular Summit 2025” ekitaldian emango da, 2025eko apirilaren 2tik 4ra. Sariak biltzarrean egingo den jendaurreko ekitaldian emango dira.

Epaimahaiak honako irizpide hauek ebaluatuko ditu kategoria bakoitzean:

• Zirkulartasun irizpideak (puntuazioaren % 50)

Zirkulartasunarekin eta jasangarritasunarekin, oro har, lotutako alderdiak hartuko dira kontuan. Bizi-ziklo osoan ingurumen-aztarna murrizteko ekarpenak baloratuko dira.

• Teknologia eta berrikuntza irizpideak (puntuazioaren % 30)

Produktuaren/Zerbitzuaren edo negozio-ereduaren berrikuntzarekin zerikusia duten alderdiak dira, bai eta hura fabrikatzeko erabilitako teknologiarekin zerikusia dutenak ere. Enpresaren lehiakortasuna hobetzen eta merkatuan nabarmentzen nola laguntzen duten aztertuko da.

• Komunikazio irizpideak (puntuazioaren % 20)

Proposatutako konponbidea jakinarazteko modua, balio-ekarpena bezeroari helarazteko modua eta horretarako erabilitako tresnak eta kanalak baloratuko dira.

Eskatutako dokumentazioa “Basque Circular Expo” erakusketan parte hartzeko aurkeztu zen berbera izango da. Hori dela eta, sarietan parte hartu nahi duten enpresek erakusketan parte hartzeko eskaera-inprimakian hala adierazi beharko dute, eta sariaren kategoria aukeratu beharko dute.

Enpresa batek proposamen bat baino gehiago aurkez ditzakeenez, aukeratu ahal izango du sarietara zein(ek) aurkeztu nahi d(it)uen eta kasu bakoitzerako kategoria.

Izen-ematea

Hautagaitzak aurkezteko inprimakiak atal bi izango ditu: bata, orokorra, enpresaren eta harremanetarako datuak jasotzeko, eta, bestea, produktuaren espezifikoa, erakusketan erakusteko. Halaber, beste euskarri dokumentu batzuk ere erantsi ahal izango dira (ziurtagiriak, zifrak, eskemak, bideoetarako estekak, argazkiak, etab.) gehienez ere hiru eranskin hautagaitza bakoitzeko.

Eskaerak aurkezteko epea 2025eko urtarrilaren 31n amaituko da, ostirala