Erakusketa ibiltaria Europa Biltzar Jauregian bisitatu ahal izango da urriaren 2ra arte, Green Capitalen 10. urteurrena ospatzeko goi bilerarekin bat eginda: Hiri eredu jasangarriak. Erakusketaren esparruan, herritarrei zuzendutako jarduera ugari egingo dira aldi berean, baita “Produktu zirkularrak eta ekodiseinatuak: Gasteizko enpresen esperientzia praktikoak” jardunaldia ere, besteak beste.
Gasteizko Europa Biltzar Jauregiak “Zirkularrak-Circulares” erakusketa hartuko du, irailaren 24tik, larunbata, urriaren 2ra, igandea, Euskadin fabrikatutako produktu zirkularren inguruan. Erakusketa doakoa eta ibiltaria da, eta Arabako hiriburuan irekiko da lehen aldiz herritarren aurrean, bizi zikloaren ikuspegitik ekodiseinuko metodologiak aplikatu zaizkien eta, beraz, ingurumen inpaktua nabarmen murriztu duten produktuen aukera zabalaren ikuspegia emateko.
Erakusketa Ihobek antolatu du (Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailari atxikitako Ingurumen Jarduketarako Sozietate Publikoa), eta esparru hauen baitan garatzen da: Asteklima-Euskadiko Klima eta Energiaren Astea, eta Hiri Eredu Jasangarrien Goi Bilera, Europa Jauregian, Green Capitalen 10. urteurrena ospatzeko antolatu den topaketan.
Erakusketa ibiltari honen lehen hitzorduan, Euskadin dauden balio kateei lotutako 140 produktu baino gehiago ikusi ahal izango dira, hala nola makineria, metala, garraioa, altzariak, autogintza, kontsumo ondasunak, kimika, elikadura, sektore elektriko-elektronikoa edo eraikuntzako materialak. Horrenbestez, bisitariek ekodiseinuak edozein enpresa jardueratan duen ahalmenaren ikuspegi integrala izango dute, eta euskal enpresek ekonomia zirkularraren esparruan egiten duten lana eta konpromisoa ezagutu ahal izango dute.
Euskadik 20 urte baino gehiagoko ibilbidea du ingurumen irizpideak aplikatzen produktuen diseinu eta garapen fasetik bertatik, eta estatuan ekodiseinatutako produktu eta zerbitzuen produkzioaren buru da eta Europa hegoaldeko erreferentziazko eskualdetzat hartzen da, batez ere industriaren eremuan.
“Zirkularrak-Circulares” erakusketa Gasteizko Europa Jauregian bisitatu ahal izango da, astelehenetik larunbatera, 10:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 20:00etara, eta igandeetan, berriz, irailaren 25ean eta urriaren 2an, 10:00etatik 14:00etara.
Jarduera ugari 9 egunetan
Erakusketak bisita gidatuak izango ditu egunero, bertaratzen diren pertsonek orain arte ingurumena hobetzeko ezarri diren estrategiak ezagutu ditzaten.
Irailaren 24ko goizean bisita gidatuak egingo dira, 11:30ean gaztelaniaz eta 12:30ean euskaraz. Arratsaldean, 17:00etatik 20:00etara, bizikletak konpontzeko tailer teoriko-praktikoa egingo da, nerabeentzat. Bizikletaren zati mugikorren ezaugarriak eta horiek egoki mantentzeko modua azalduko dira. Haurrei dagokienez, kartoia eta papera birziklatzeko tailer bat izango dute. Jardueraren helburua da tamaina desberdineko hainbat elementu egitea.
Halaber, irailaren 25ean, igandea, bisita gidatuak egingo dira berriro, 11:30ean gaztelaniaz eta 12:30ean euskaraz. 11:00etatik 14:00etara, nerabeek robotikari buruzko tailer batera joateko aukera izango dute, auto elektrikoaren prototipo bat nola eraikitzen eta gidatzen den ikusteko. Haurrek ehunak birziklatzeko tailer batean parte hartu ahal izango dute. Tailerrean, peluxezko elefante bat egingo dute, oihalez eta material birziklatuz.
Herritarrei oro har zuzendutako jarduera programak jarraipena izango du urriaren 1ean (larunbata) eta 2an (igandea), eta Asteklima-Klima eta Energiaren Astearen azken txanpan eta Gasteizko Zirkularrak-Circulares erakusketan bertan jarduera eta ordutegi berdinak mantenduko dira.
Enpresa zirkularrak eta ekodiseinua
Irailaren 26an, astelehena, 9:00etatik 12:00etara, SEA-Arabako Enpresekin lankidetzan, “Ingurumen gardentasuna eta posizionamendua” ikastaroa emango da, jardunean dauden profesionalei zuzenduta. Jardunaldian, enpresen eta haien produktuen ingurumen jardunari buruzko informazio eskaera gero eta handiagoari erantzungo zaio. Aurrerapen horiek ebaluatzeko, adierazleak erabiltzen dira, eta horien artean nabarmentzen dira karbono aztarna eta ingurumen aztarna; adierazle horien abantaila da bizi zikloaren ikuspegiari erantzuten diotela; izan ere, alderdi hori funtsezkoa da merkatuan mantentzeko, batez ere enpresa ertainei dagokienez.
Era berean, irailaren 27an, asteartea, eta irailaren 28an, asteazkena, bisita gidatuak egin ahal izango dira, 17:30ean gaztelaniaz eta 18:30ean euskaraz.
Horiez gain, irailaren 29an, osteguna, “Produktu zirkularrak eta ekodiseinatuak: Gasteizko enpresen esperientzia praktikoak” jardunaldia egingo da, eta bertan erakutsiko da zer diren ekodiseinua eta produktu zirkularrak praktikan, bai kontsumo ondasunena, bai industria ekipamenduena, administrazioak abian jarri dituen ekimen laguntzaileekin batera. Erakusketan parte hartzen duten Gasteiz bertako edo Gasteizko Udalak berak dinamizatzen duen Itun Berdearen komunitateko hainbat enpresaren esperientzia errealak erakutsiko dira.
Ekitaldia Araban ekonomia zirkularrean eta ekodiseinuan egindako punta-puntako esperientziak ezagutu nahi dituzten enpresaburuei, enpresetako arduradun eta langileei eta, oro har, herritarrei zuzenduta dago.
Azkenik, enpresei eskainitako jardueren barruan, irailaren 30ean, ostirala, 10:00etatik 12: 00etara, Eraikune Eraikuntza Industriaren Klusterrak bultzatutako Zirgaitu proiektuaren bilera egingo da. Eraikuneren “Zirgaitu: Berrikuntza zirkularretan ETEak gaituz” proiektuak Euskadiko trantsizio energetikoaren prozesua bultzatu nahi du, etxebizitzak zaharberritzeko eredu jasangarriago baterantz jotzeko, euskal ETE-en prestakuntza eta zaharberritzearen balio katean duten posizionamendua hobetuz (eraikuntza enpresak, zaharberritze enpresak, diseinuaren arloko estudioak edo ingeniaritzak hornitzaileak). Horri esker, euren ospe korporatiboa hobetu ahal izango dute, marka berdearen bitartez.
Jardueren programa osoa Ihoberen webgunean eta Asteklima Klima eta Energiaren Euskadiko Astearen agenda osoa biltzen duen gunean eskura daiteke online.