Ingurumeneko ingeniaria naiz, Herbehereetako Hogeschool Zeeland unibertsitatean. Uren tratamenduan espezializatu nintzen. Sektore horretan 5 urtez aritu nintzen lanean. Baina, azkenik, nire ibilbide profesionalean hondakinen tratamenduan aritu naiz gehienbat.
2013az geroztik, ehun-hondakinekin ari naiz lanean Koopera-n.
Proiektu eta dirulaguntzen arloan hasi nintzen lanean. Talde horrek aukera eman zidan Koopera-n egin genituen kontsumo ondoko ehun-zuntzak birziklatzeko lehen berrikuntza-proiektuak proposatu eta zuzentzeko. Ondoren, jarduera hori ekoizpen-lerro bihurtu da eta industria-eremura pasatu da.
Gaur egun Koopera-ko Zerbitzu Komunen jarduera koordinatzen aritzen naiz, eta kooperatibaren etorkizunerako proiektu estrategikoenetako batzuen buru izaten jarraitzen dut.