- Azaroaren 23tik 25era egingo da Ficoba erakustazokan, Irunen, eta Estatu osoko 500 profesionalek parte hartuko dute bertan.
- Aldi berean, euskal enpresek ekonomia zirkularreko irizpideekin fabrikatutako ehun produktu baino gehiagoren erakusketa bat aurkeztuko da.
Ihobe sozietate publikoak Basque Circular Summit 2022 antolatuko du azaroaren 23tik 25era Ficoba erakustazokan, Irunen, “Walking the talk” (Praktikan jartzea) lelopean. Europa osoko 500 espezialista bilduko ditu biltzarrak, eredu ekonomiko zirkularreranzko trantsizioak industriarako zer inplikazio dituen aztertzeko eta eredu horrek industria-sektore desberdinei eskaintzen dizkien negozio-aukerei eta enpresa-lehiakortasunaren hobekuntzari buruz eztabaidatzeko.
SPRIren lankidetzarekin antolatutako Basque Circular Summit 2022ren (“Walking the talk”) helburuak hauek dira: Europako Itun Berdeak bultzatutako Ekonomia Zirkularraren erronka eta aukera berriak euskal enpresei hurbiltzea; euskal enpresek ekonomia zirkularraren arloan lortutako emaitza berritzaileak partekatzea; eta Eusko Jaurlaritzak euskal enpresei ekonomia zirkularrean oinarritutako ekoizpen-moduetarako trantsizioa errazteko garatu dituen tresnak, gidak eta eskuliburuak aurkeztea.
Basque Circular Summit 2022- “Walking the talk” da Basque Ecodesign Meetingen (BEM) izen berria. Orain arte BEMen lau edizio egin dira Euskadin, arrakasta handiz. Edizio berri honek ekodiseinutik ekonomia zirkularrera doan bilakaera egiten du, eta zuzenduta dago, besteak beste, enpresa ekoberritzaileen garapen arrakastatsuak ezagutzeko eta aplikatzeko interesa duten euskal enpresei; Euskadin ekonomia zirkularra bultzatzeko ahalmena duten erakunde eta administrazio publikoei; Euskadiko eta nazioarteko klusterrei eta enpresa-elkarteei; edo Euskadiko eta nazioarteko ezagutza eta berrikuntzako eragileei.
Behin-behineko izen-ematea irekita dago www.basquecircularsummit.eus/eu/aurre-erregistroa/ webgunean.
Produktu zirkularren erakusketa
Euskadin fabrikatutako produktu zirkularren erakusketari esker, Basque Circular Summit 2022n aurkeztuko diren ekonomia zirkularreko metodologia berritzaileak aplikatzearen efektuak eta emaitzak zuzen-zuzenean ezagutu ahal izango dira. Erakusketa publiko orokorrari irekita egongo da nazioarteko ekitaldiak irauten duen bitartean (asteburuan ere bai).
Euskadiko industria-sektore desberdinetako 150 produktu zirkular baino gehiago ikusi ahal izango dira erakusketan: industria-makineria, ontziak, ehunak, zurak, etab., eta produktuek eragindako ingurumen-hobekuntzak xehetasunez ezagutu ahal izango dira. Basque Circular Summit 2022tik pasatu ondoren, erakusketa ibiltari bihurtuko da, eta Euskadiko hainbat kokaleku bisitatuko ditu.
Basque Circular Summit baino lehen, erakusketa Vitoria-Gasteizen bisitatu ahal izango da irailaren 30etik urriaren 9ra.