Loading...
  • Basque Circular Summiten bigarren jardunaldiak Euskadiko enpresa txiki eta ertainei ematen die protagonismoa, eta ekonomia zirkularrak sektore bakoitzean planteatzen dituen erronka eta aukerak hurbiltzen dizkie
  • “Zirkularrak” erakusketa azaroaren 27ra arte egongo da zabalik Ficoban, eta 115 euskal enpresak ekodiseinatutako 175 produktu biltzen ditu
  • Bergarako Udala, Espacio Open, NEUK marka eta St. George’s British International School izango dira 2022ko Hondakinen Prebentziorako Europako Asterako euskal hautagaiak

 

Irun, 2022ko azaroaren 24a

Basque Circular Summiten bigarren jardunaldiak protagonismoa emango die gaur ETEei, ezinbestekoak baitira EBko ekonomiarentzat, Europako enpresen % 99 eta sektore pribatuko enpleguen bi heren baitira. Alexander Boto, Ihobeko zuzendari nagusiak, ‘Ekonomia zirkularraren aldeko apustua Euskadin’ mahai-inguruan nabarmendu du “ekonomia zirkularra lehiakortasuna dela, ekonomia dela”, eta administrazioaren erronkatzat ingurumen-fiskalitatea aipatu du, “Euskadik bere BPGren %1,6 baitu ingurumen-zergetan, eta Europako batez bestekoa %2,4 baita”.

Ihobeko zuzendariak ETE Programa Zirkularra eta antzeko tresnak nabarmendu ditu; horren bidez, Eusko Jaurlaritzak euskal ETEei eredu zirkular baterako trantsizio-prozesua erraztu nahi die, beren lehiakortasuna hobetzeko tresnak eta laguntza ekonomikoa eskainiz.

Bestalde, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Jasangarritasuneko sailburuorde Amaia Barredok gogorarazi duenez, “Euskadik 20 urte daramatza ekonomia zirkularraren arloan lanean, eta gaur egun erreferentziazko eskualdea da”. Baieztapen hori datuetan oinarritu du: eskualdeko ekonomia zirkularra BPGaren %1,12 da gaur egun, eta 764 milioi euroko diru-sarrera gordinak ditu urtean. Enpleguari dagokionez, ekonomia zirkularrarekin lotutako lanpostuak EAEko enplegu guztiaren %2,08 dira. Balio hori Espainiakoa eta Alemaniakoa baino handiagoa da (%2,00 eta %1,71, hurrenez hurren).

 

 

ETEei zuzendutako jardunaldia

Basque Circular Summitek Europan planteatzen ari diren gai nagusiak aurkeztu zituen atzo: produktuaren pasaporte digitala, lehengaiekiko mendekotasun txikiagoa bilatzea, finantza iraunkorrak edo ekodiseinuko araudi berriak. Alejandro Villanueva Europako Batzordeko Joint Research Centre-n (JRC) Ekonomia Zirkularreko eta Industria Lidergoko buru ondokoak, adierazi zuen: “ekodiseinua energia-etiketarekin konbinatuta, enpresa fabrikatzaileak produktu hobeak diseinatzera eta kontsumitzaileak produktu horiek hobeto aukeratzera motibatzeko tresnarik egokiena dela: Europan Italiako kontsumoaren baliokidea den energia aurreztu da 2020an. Laster egongo da, gainera, etiketa ‘berdeei’ buruzko arteztarau-proposamena, Europan 200 baino gehiago baitaude eta %40 eta %50 artean ‘eko-postureo’ dira.”

Jorge Fernández jaunak, Orkestra-Basque Institute of Competitiveness-eko Environment & Energy Lab-eko koordinatzaileak, gaur adierazi duenez, “merkatuetan gardentasuna eta kokapena, ekonomia zirkular baterako ekodiseinua, bigarren mailako lehengaiak eta hondakinen kudeaketa, bizi-zikloaren ikuspegitik deskarbonizazioa, zero kutsadura eta finantza jasangarriak” dira balio-katearen erronkak. Bigarren jardunaldi honen bidez, erronka horiek euskal industriaren sektore bakoitzean nola eragingo duten aurreikusi nahi da. Horretarako, hamaika gaikako mahai egingo dira, 70 enpresak baino gehiagok parte hartuko dute eta ETEen jardunbide egokiei buruzko testigantzak emango dira.

Antonio Novo Guerrero Klusterren Europako Aliantzaren lehendakariak ireki ditu saioak, eta balio-kate osoa inplikatzearen garrantzia nabarmendu du, parte hartzen duten eragileen arteko lankidetzaren bidez: “Ekonomia zirkularrarentzat funtsezkoa dela frogatu da. Eta, nire ustez, Euskadiko kluster-sistema Europako helduenetarikoa da”. Luis Lehmann ekonomia zirkularreko irtenbideetan aditua da, eta honako hau adierazi du: “hurrengo krisien irteerak paradigma aldaketa sustatu behar du eredu berriekin. Eta gauza bat izan behar dugu kontuan: ekonomia zirkularra, ezer baino lehen, ekonomia da. Eta onura eman behar du, baliabideen erabileratik aldentzen den garapena sustatuz”.

 

 

Euskadiko zirkulartasunaren adibide errealak

Pastilletan egindako hortzetako pasta, publizitate-olanez egindako erosketa-orga bat, edo beste modu batera botako litzatekeen osagai batez egindako gazta-saltsa bat dira “Zirkularrak” erakusketa ibiltariak biltzen dituen adibideetako batzuk. Hainbat industria-sektoretatik datozen Euskadiko 115 enpresen 175 produktu jasangarri biltzen ditu, eta ekodiseinuaren eta ekonomia zirkularraren potentzialaren ikuspegi integrala proposatzen du euskal enpresa-jardueraren esparru guztietan: automobilgintza, makineria, metala, mugikortasuna, sektore kimikoa, elikadura, altzariak, kontsumo-produktuak, eraikuntzarako materialak eta sektore elektriko elektronikoa.

Produktu horiek ekodiseinu-metodologien eta bizi-zikloaren ikuspegiaren bidez haien ingurumen-eragina nabari murriztu dute. Horien artean, Emica Solar etxearen eguzki-egitura fotovoltaiko flotatzailea dago, eguzki-sorkuntza fotovoltaikoaren abantailez gain, flotatzailea izateak hobekuntza garrantzitsuak dakarzkiona, hala nola lurzorua okupatzen ez duela edo hobeto hozten dela.

Beste produktu bat Azti zentro teknologikotik dator eta elikadura-hondakinen aprobetxamenduan oinarritzen da: ardi-gazta helduaren usaina duen saltsa da, Idiazabal gaztaren prestaketan sortutako esne-gazuraz egina, bestela bota egingo litzatekeena. Kontsumo-produktuen barne, erakutsitako produktuetako bat pastilletan egindako hortzetako pasta da. Onak enpresak garatutako sistema guztiz berritzailea da. Uraren kontsumoa % 70 murrizten du eta ontzi kargagarriak eta guztiz berrerabilgarriak erabiltzen ditu. Sindesperdiciok diseinatutako publizitate-olanez egindako erosketa-orga bat ere badago. Makineriaren sektoreko beste adibide bat Indart 3Dko NX PRO dual filamento-pellet 3D inprimagailua da. Birziklatutako materiarekin lan egin dezake % 100ean, eta inprimatutako piezak inprimagailuan sar daitezke berriro. Hauek azaroaren 27ra arte Ficoban dohain ikus daitezkeen 175 adibideetako batzuk baino ez dira.

 

Hondakinen Prebentziorako Europako Astea 

Basque Circular Summiten bigarren jardunaldi honetan, 2022ko Hondakinen Prebentziorako Europako Asterako (EWWR) euskal hautagaiak ere aurkeztuko dira. Ekimen horren bidez, Europako herritar guztiak animatzen dira baliabideen eta hondakinen kudeaketa jasangarriari buruzko kontzientziazio-ekintzak egitera. “Ia 120 ekintza aurkeztu dira aurten Euskadin. Kopuru horrek Europako rankingaren buruan jartzen du lurraldea, 100.000 biztanleko aurkeztutako ekintzen ratioari dagokionez”, nabarmendu du sailburuorde Barredok.

Hautatutako lau proposamenak hauek izan dira: “Hondakin jasangarriak: Fikzioa ala errealitatea?” erakusketa, Bergarako Udalak sustatua; “Vintage” ekitaldia Bilbon, arropari bigarren bizitza emateko, Espacio Openek bultzatua; moda arduraz kontsumitzeko proposamen berria, adabaki trukagarrietan oinarritua, NEUK Sopelako arropa-markaren eskutik; eta Leioako St. George’s British International School jangela intsonorizatzeko panel akustikoak egiten, eskuoihal zaharrekin eta birziklatutako oihal-zatiekin.